Animalia

Animalia
Cryogeniar-gaur egun

Animalia mota ezberdinak.
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
SuperdomeinuaBiota
GoierreinuaEukaryota
Erreinua Animalia

Animaliak izaki zelulaniztun eukariotoak dira. Animalia ia guztiek materia organikoa kontsumitzen dute (heterotrofoak dira), oxigenoa arnasten dute, mugi daitezke, sexualki ugaltzen dira, eta blastula izeneko zelula esfera batetik hazten dira euren enbrioi fasean. 1,5 milioi animalia espezie bizidun ezagutzen dira, horietatik milioi bat intsektuak, baina uste da 7 milioi espezie inguru existitzen direla. Animaliarik txikienek 8,5 mikroi neurtzen ditu eta handienak 33 metrotik gora. Animalia guztiek euren ekosistemarekin interakzio konplexuak dituzte, sare trofiko korapilotsuak sortuz. Animalien ikerketari zoologia deritzo.

Animalia espezie gehienak Bilateria taldekoak dira, gorputz-simetria bilaterala duten animalia klado bat. Bilateriaren barruan protostomak daude —hor ornogabe ugari dira, adibidez, nematodoak, artropodoak eta moluskuak— eta deuterostomioak, ekinodermatuak edo kordatuakornodunak barne— aurki daitezkeen. Animaliatzat hartzen diren lehen formak Ediacarako biotakoak dira, Kanbriaurrearen amaieran. Kanbriarreko leherketan aurki daitezke gaur egungo filumekin erraz identifika daitezkeen animalia itsastar gehienak, orain dela 542 milioi urte inguru. Animalia guztiek partekatzen dituzten 6.331 gene-talde identifikatu dira; baliteke hauek orain dela 650 milioi urte bizi izan zen arbaso komun batetik heredatu izana.

Aristotelesek izaki bizidun guztiak animalia eta landaretan bereizi zituen, eta animaliak odola dutenen eta ez dutenen artean. Carolus Linnaeusekek bere sailkapen biologiko hierarkikoa sortu zuen 1758an, Systema Naturae lanean, eta Jean-Baptiste Lamarckek 1809an lan hori hedatu zuen, 14 filum sortuz. 1874an Ernst Haeckelek animalien erreinua Metazoa eta Protozoa artean banatu zuen; gaur egun lehenengoak animalien sinonimotzat hartzen dira eta bigarrenak ez dira animaliatzat hartzen. Garai modernoetan animalien sailkapena egiteko teknika garatuak erabiltzen dira, filogenia molekularra bezala, animalien arteko erlazio ebolutiboa demostratzeko oso baliagarria dena.

Gizakiak ere animaliak dira, eta beste animalia batzuk erabiltzen dituzte janaria eskuratzeko, tartean haragia, esnea edo arrautzak; materialak lortzeko, adibidez larrua eta artilea; konpainia-animalia gisa edo animalia langile gisa, trakzioa edo garraioa izateko. Txakurrak ehizan erabili izan dira, eta lurreko zein itsasoko animalia asko kirol gisa ehizatzen dira. Gizakiak ez diren animaliak ohikoak dira artean, mitologian eta erlijioan.